Gure txokoa

Zein lur sail aukeratzen da gure mahastientzat?

Mahastiaren sustraien  garapenak markatu egiten du produzitutako mahatsaren nortasuna. Horregatik, gure mahastizaintzaren filosofiaren arabera lur sailaren aukeraketa hori gure ardogintzarako benetako giltza gertatzen da. Lur horretan bizi beharko baitute urte luzeetan mahats landareak, eta jakina denez, lur sal berezian landatutako mahastiak luzarora ezaugarri bereziak dituen mahatsak emango ditu.

Gure azken aukeraketa Urdaibai Erreserba barruan dagoen Gernikako lur sail batean izan da. Mahasti hau Muxika eta Gernika banatzen duen errekatxoak inguratzen du, biodibertsitate izugarrizko parajea. Artadi kantauriarraren barruan kokatzen da eta bertako baso trinkoa lizar, haritz eta akaziez osatuta dago. Eguzki begi den orube hau, lehenago, abereentzako larrea izan zen arren, aurretik, filoxera garaiaren aurretik mahastia izan zen. Zergatik dakigu hau? Lur sailaren goiko aldean dagoen Santu Txireneen baselizan 400 urte inguruko prentsa dagoelako, urte askotan inguruko baserrietako sagar eta mahatsa sakatzeko erabili izan zena. 2015eko apiriletik aurrera landatutako Hondarrabi Zuri eta Hondarrabi Zuri Zerratie barietate atlantikoek ekosistema txiki honen ezaugarriak eta berezitasunak xurgatu eta igorriko dituzte, betiere errespetuz eta maitasunez zainduz gero.

Landatutako mahasti bakoitzean kuriositatea, ilusioa eta jakin-min  profesionalez beteriko galderak planteatzen zaizkigun arren, jakin badakigu denboraren joanak baino ez dituela zalantzok argituko.

2018-04-11T05:26:43+00:00Artikuluak, Gure txokoa|0 Comentarios

Dejar un comentario